viernes, 25 de marzo de 2011

Nire omenaldi txikia - Iturrieta Mendizerra (Opakuatik guru oroimenera)

En esta ocasión realizaré la entrada en mi lengua materna. En Euskera. Sigo la propuesta  que me ha hecho una personita. Para aquél que lo desee pondré un link vinculado a la versión en Castellano de esta ruta en próximas entradas.

Oraingoan Iturrieta mendizerratik ibiliko gara. Gaur, egun garrantzitsua dugu; aitaren eguna. Misio berezi batekin hasi dugu txangoa eta burutzea da dugun helburu bakarra.
Hasteko, goizena-goiz, eta eguna oskarbi irtengo zelakoan, ohetik altxatu gara. Motxilak prestatu eta ederto gosaldu dugu. Gasteiztik irten eta Aguraineraino jo dugu. Donostiara joango bagina lez, Aguraingo irteera pasatu, eta hurrengoan, opakua mendate aldera doana hartu dugu. Ikus daitekeenez, egunaren urdintasuna galdu dugu. Dena laino behe dentso batek janda egongo balitz bezala ikusten dugu. Hor nonbait opakua dago, hor nonbait gure helburua; lainopean galduta gure ilusioa? Hala, oraindik ez?

Opakua mendatea igotzen hasi garen bezain pronto gogoratu dugu ondo ezagutzen dugun kondaira hura; mendatearen bihurgune itxi horretan agertzen den neska ilehoriarena. Kotxeko leihatiletatik so eginez, behe-lainoaz aparte, ez da ezertxo ere ikusten. Hala ere, gure abentura hasia da eta inork ez gaitu atzera egiten behartuko, ezta bihurguneko neskatxa ilehoriak ere.

Gora ailegatu bezain laster, eskuinaldean geratzen den aparkaleku batean kotxea gelditu dugu. Bidai kideak agurtu, boten lokarriak ondo lotu, argazki kamera alde batean jarri eta prest gaude.

Gurekin datorren txakurrak ere susmatzen du egunaren berezitasuna. Airean sentitu daiteke. Gure zain dago. Gure zain daude. Berehala goaz.

Bizkarrean daramatza lorak. Lanbroaren dentsotasunak ere, ez du beraien kolorea itzaltzen. Distiratsu dihardute. Hala izan behar. Buru makur doa, baina bere pausuak tinko eramaten dute ondo ezagutzen duten norabidean zehar.

Momentu horretan burura datorkit gure Mikel Laboaren abestia eta eszenarekin ezin hobe doala baieztatuko duten ondorengo argazkiak lagatzen dizkizuet. 

"Maite ditut maite, gure bazterrak
lanbroak ezkutatzen dizkidanean.
Zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten
orduan hasten bainaiz, ezkutukoa
nire baitan pizten diren bazterrak miresgarriak ikusten"
Geure Bazterrak - Mikel Laboa (Goian bego)



Mendizerraren amildegiaren lerroa artez jarraitu behar dugu. Bidetik, belarraren berdetasunak, orbelaren gorrixka eta okre koloreak eta basoko loreen horitasunak, kontrastedun alfonbra ederra eraiki digute.



Bidean zehar beste batzuen aztarnak topatzen ditugu. Beraien omenez altxatutako oroitzapen plakak ikus ditzakegu. Aguraingo mendizale bati otoi egiten dio; Manuel Yanke Y De Begoña, 1953/18/07an, eta 32 urte zituelarik, horrenbeste maite zuen lekuan, mendian bertan, Mont Blanc-en konkretuki, istripu tragiko baten ondorioz hil zena. 
Bere omenez Aguraingo beste lagun batzuk Manu Yanke Mendi Kluba sustatu zuten. Badirudi, lagun hauen esanetan, hitz batzuen poesiak bere izaera primeran deskribatzen dutela:
 
MAITE DITUT GALLURAK
     AIZEAK EZ BESTE
 AI, EGAZTEA BA-NINTZ
GAINIK GAIN NENBILKE...

Javier Iturriaga Arrabalek ere, hemen du bere omenaldia. "Al filo de lo imposible" TVE-ko programa famatuaren partaide bat izan zena. Isla Guadalupen, arroila jaitsierak egiten, istripu baten ondorioz, hil zena 2003an. Goian bego.  

Hemen uzten dugu Manu. Seguruenik eserita, bere bizitza jaso duen aranari so eginez, berari, hegaztia izatekotan, gainetik ibiltzea gustatuko litzaiokeen gailur maitatu horretatik.

Gure bideari ekiten diogu. Gure ilusioek garaitua edo, lanbroak azken argazki ikusgarriak utzi dizkigu eta ostarteei lekua zabaltzen hasi die. Eguzkiak zirrikituak bilatzen ditu eta Aguraingo herria zuzen zuzen argitzen du. Seinale bat ote?



  Atxuri menditik pasatzen gara (1104 m.) eta bertatik ikuskizuna ezin hobea da.


Zaldiek bidean agurtzen gaituzte, eta hara non Erroitegi herria ikusten uzten diguten. Argi dago. Ez dugu dudarik. Oso gertu gaude.




Azkeneko aldapa jaitsi eta harri batek, gurutze baten erliebearekin landua, agurra ematen digu. Bagaude. Basoan apurtxo bat sartu eta listo. Hemen gara. Loreak oinetan jarri. Harriaren puntatik erortzen zaizkion ur tantek bizia emango diote denboraldi baterako. Bisita bat egitera etorri gatzaizkizu.

Hemen nonbait dago zure parte bat. Mendian oin bat eta bestea itsasoan. Zer gehiago eska daiteke? Izan zinenaren testigua nire aurrean daukat. Ez genuen elkar ezagutzeko denborarik izan, baina hemen utzi zenuen arrastoan ikus dezaket izan zinena. Eta seguru nago beraietaz harro zaudela. Ondo egindako lana hala izaten da. Harro egotekoa. Oraindik ere zuk zaintzen dituzunaren dudarik ez dute. Hemen goitik.

Orain, bi anai dira. Elkarrekin. Beti maitatu izan duten baiara begiratzen. Zaintzen. Hau da nire omenaldi txikia.



"Zure urratsen oihartzunak 
orbel arteko isiltasunean dirau"

Andoni eta Jaime. Goian bego.
Publicar un comentario